Foko mediatikoa alde batera utzita

“2003an PSEk eta PPk albora utzi zuten gure hautagaia eta beraiek atera zuten alkatetza. Hori herrietan ez da hain erraz ahazten”, Joseba Egibar GBBko lehendakaria ekainaren 17an Euskadi irratian.

Halaxe da. Ezker abertzalea legez kanpo, PSE eta PP alderdien arteko akordioak irabazle izan zen EAJko Mikel Arregi alkatetzarik gabe utzi zuen. Josean Perez Gabarain izan zen alkatea, eta Juan Carlos Cano popularrak udal ardurak izan zituen.

Logika bera erabilita, nago etorkizunean Andoaingo PSE-EEk ere ez duela berehalakoan ahaztuko 2015ean gertatu dena. Eta egungo errealitatetik abiatuta, fikzioa egiten hasi da nire burua: EH Bilduk indar handia du Andoainen, baita PSE-EEk ere. Baina azken deialdietan PSE-EEk botoak etengabe galtzen ditu. Eta, aldiz, jeltzaleak erritmo onean goruntz doaz.

Fikzio politikoa egiten hasiz, 2019ko udal hauteskundeen emaitzekin jolas egin dezagun:
1. EH Bildu 6
2. EAJ-PNV 5
3. PSE-EE 4
4. Irabazi 2

Gauzak horrela, bi alderdi abertzaleak leudeke alkatetza eskuratzeko moduan. Giltza, aldiz, sozialisten esku legoke. Emaitza hori gertatuko balitz zeinentzat izango litzateke alkatetza? Dagoeneko honaino irakurtzera iritsi den ezkertiar eta abertzaleak betiko ikusten du bere alderdia alkatetzan. Bada, ez. Nago PSE-EEk babesa emango liokeela EAJ-PNVri. Ez luke 2015ean gertatu zena ahaztuko, baina babesa emango lioke.

Errazagoa zaio.

2015ean Andoaingo EAJ-PNVri ikaragarri kosta zaio erabakia hartzea, dagoeneko jakina denez, azken ordura arte erresistentziak zeudelako. Zail egin zaio erabakitzea. Eta zergatik? Ezker abertzaleak eta jeltzaleek elkarbanatzen duten gakoetako bat tarteko.

Gako hori abertzaletasuna da.

Ahaztu foko mediatikoa. Begiraiozue unean uneko indar korrelazioari, alegia, 2015eko emaitzei. Andoaingoa bezalako egoeretan [zeinean gehiengo osorik gabe lehen indarra alderdi abertzalea den, bigarrena sozialista eta hirugarrena abertzalea], abertzaleari kosta egiten zaio beste mugimendu abertzale bat alkatetzatik kentzea, agintea abertzale ez den beste bati emateko.

‘Estrategia, taktika eta paktoa’ logika horietatik aparte dagoen kalekoa ulerkorra da Andoaingo ezustekoaren aurrean.

Uste dut, gainera, etorkizunean horixe dela gogoan hartuko dena: jeltzaleek alkatetza abertzaleen esku egotea ahalbidetu zutela.

Etiketak: , , , ,

Utzi iruzkina