Hautagai bozkatuenaren maldizioa

Emaitza ona, bikaina, demasakoa lor daiteke Udal hauteskundeetan. Baina horrek berez ez du deus ziurtatzen. Kargu hartze ekitaldian, lehen bozketan, alkatetza eskuratzeko gehiengo osoa lortu behar baita. Dirudienez, larunbatari begira, PSE-EE (5) eta EAJ-PNV (4) akordioaren bila lanean ari dira.

Andoaingo Udal hauteskunde demokratikoen historian bitxikeria baten aurrean egon gaitezke. Lehen hauteskundeak 1979an izan ziren, eta orduko hartan EAJ-PNVko Ramon Ansak 2.727 boto eskuratu zituen. 17tik 8 zinegotzi. Beste alderdien arteko akordioaren bitartez, ordea, agintzeko aukerarik gabe geratu zen. Saririk ez, beraz, Ramon Ansa irabazle argiarentzat.

Emaitza hori gaindiezina zela zirudienean, 2019an, EH Bilduko Andoni Alvarezek 2.823 boto eskuratu ditu. Marka onena hobetu du, ia ehun boto gehiago lortuz. 17tik 7 zinegotzi. Eta hau ere, azken ordukorik ez badago, Ansaren bidetik joan daiteke. Garaipen argia, bai. Baina Andoni Alvarez ere saririk gabe gera daiteke.

Biak ala biak hautagai abertzaleak dira.

Datu aipagarria izateaz gain, bada azpimarratu beharreko beste bitxikeria bat. Ansa eta Alvarez portal berean bizi dira, solairu berean. Parez pare bizi dira.

Lotura bat gehiago, ezustekorik ezean, bizilagun diren bi andoaindarren artean.

Etiketak: , , ,

Utzi iruzkina