Andoain geroz eta abertzaleagoa da, eta hala ere alkatetza ez dago ziurtatuta

Andoni Alvarez Lete EH Bilduko alkategaiak alde handiarekin irabazi du. Lehen indarra da, 2011n eta 2015ean bere alderdiak lortutako emaitzak nabarmen igoz eta gainera bere bi aurkari nagusiekiko aldea areagotuz. Garaipenaren oinarriak hauexek dira:

  1. EH Bilduk hirugarrenez irabazi ditu Udal hauteskundeak.
  2. Inoizko emaitzarik onenak lortu ditu 2823 botorekin (2112 boto 2015ean, eta 2500 boto 2011n).
  3. Aldea handitu die aurkariei. PSE-EEri 883 boto atera dizkio (2015ean 225 botoko aldea zen), eta EAJ-PNVri 1143 boto (2015ean 362 botoko aldea zen).

EH Bilduren botoak abertzaletasunetik eta ezkerretik eratorri direla argi dago, 2015eko emaitzetatik hona EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemos nabarmen jaitsi baitira.

Egindako lanari eta hautagai berriari babesa

Alde batetik, Ana Carrere eta bere lantaldearen lana balioan jartzeko eguna zen. Ikasturtea amaitzen ari denean, nota jartzeko garaian gaudenez, andoaindarrek aurrekoen Carrereri nota oso ona jarri diote. Eta bestetik, Andoni Alvarez Lete hautagai berriak onarpen maila handia duela erakutsi du. Herrikideen babes handia jaso du EH Bilduk, gaurkoan.

Andoain abertzaleagoa da

Abertzale/ez abertzale eremuak alderatzen hasita, udal ordezkaritzari erreparatuta, abertzaleek ordezkaritza bat irabazi dute. EH Bildu eta EAJ-PNV alderdien artean 11 zinegotzi dira orain (lehen 10), eta PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdien artean 6 (lehen 7).

Alkatetza

EH Bilduk 7 zinegotzirekin babes handiena duen alderdia da, baina ekainaren 15eko kargu hartze ekitaldiari begira gauzak argitzeke daude. Izan ere, garaipena argia izan arren, PSE-EEk eta EAJ-PNVk gehiengo osoa batzen dute. Andoain herriak mezu argia eman du, baina sozialistek alkatetza eskuratu nahiko dute. Lau urte geroago, ikustear dago zein den EAJ-PNVren erabakia. Andoain nagusiki abertzalea izanik, abertzale ez den hautagaiak lor dezake alkatetza Andoainen. Beti ere, sozialistek eta jeltzaleek hitzarmena egiten badute.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen artean ez lirateke gehiengo osora iritsiko.

Jeltzaleen esku dago alkatetza nori eman
Hemerotekari erraparatuta, hauxe Marijose Izagirrek Aiurriri adierazitakoa:

“Maiatzaren 26a bertan da. Zein da zuen aurreikuspena, igandeko Udal hauteskundeei begira?

Gu irabaztera goaz. Zenbakiei begira, alderdi bakoitza paretsu ibiliko da. Irabazten duenak, besteen gainetik, gobernua osatzeko abantaila txikia izango du. Baina, esan bezala, gu irabaztera goaz.

Akordio politikoei dagokionez, maiatzaren 27tik aurrera zer?

Errespetua eta hitza gure bi zutabe nagusiak dira. Errespetuarekin eta hitza betez akordioak lortzeko prest gaude. Ez daukagu inolako arazorik, inorekin. Legealdi honetan, gainera, hori erakutsi dugu ahal izan denean. Zenbakien arabera, akordioak lortu behar badira, gu horretarako prest gaude. Igandean zer gertatzen den ikusi behar da. Marra gorririk ez dugu jartzen, eta hitzarekin eta errespetuarekin akordioetara iristeko prest gaude beti”.

Demokrazia zuzenak “hitz egin” eta gero, demokrazia ordezkatzailearen garaia da. Alkatetza aukeratzeko eguna ekainaren 15a da, eta bertan 17 zinegotziek botoa emango dute. Lehen bozketan gehiengo osoa duenak alkatetza lortuko du, eta horrela ez bada zuzenean hauteskundeak irabazi zituena izango da alkate.

EH Bildu, PSE-EE eta EAJ-PNV alderdientzat bigarren partida hasiko da, gaurtik aurrera. Hiru alderdien arteko batuketekin bakarrik lortzen baita gehiengo osoa.

 

Utzi iruzkina