Kolektiboa, talde eragilea eta pertsona

Erreferentziak bilatu nahian edo, Andoaingo Euskaraldiaren babesa iazko azaroan Gure Esku Dagoko galdeketak lortu zuenarekin parekatzen ari naiz. Batere zientifikoak ez diren kalkuluak dira nireak, baina badirudi kanpaina handi samarra abiatzen den aldioro 2.000-3.000 lagun inguru aktibatzea lortzen dela. Andoain herriak 14.000 biztanle baldin baditu, seitik edo zazpitik bat modu aktiboan parte hartzen ari da. Askotxo al da hori? Bazterrekoa ez dela esan daiteke.

Jar dezagun arreta kolektiboa mugiarazten duen talde eragilearengan. Orokorra da, baina bereziki Urnietan betetzen da ondoen adierazi nahi dudana. Herritarrak mugiarazi nahi dituzten talde eragile horietan pertsona beretsuak ikus daitezke Gure Esku Dagoko giza-katearen antolakuntzan, Bake eta bizikidetza taldeko bileretan edota Euskaraldia dinamizatzeko batzorde eragilean. Gutxitxo al dira? Bai, baina eraginkorrak.

Errepara diezaiogun orain kolektiboa osatzen duten banakoei, pertsonei. Jendartea eroso bizi da, antolatze lana beti besteen esku utzita. Zer egin ekimen kolektibo berri bakoitza iristen denean? Inor gehiago mugitzen ez denez, laguntza eskatzen diote dagoeneko okupatuta bizi den eragileari.

Salbuespen pozgarri bakan horietakoa feminismoaren inguruan aurki daiteke. Belaunaldi ezberdinetako 50 pertsona batera aritu ziren igandean, Goikoplazan egin zuten performancean. Ahalduntze ariketa bikaina.

Erabakitze eskubidearen alde eta beste kausa batzuren alde aritzen diren eragileekin batera, Andoaingo Euskaraldian alderdi politiko nagusietako ordezkariak ekimen betean ikusi ditugu. Bejondeiela, palaziotik kanpo jokabide eredugarria erakutsi dute.

Palazioa aipatzen hasita, udaletxearen inguruan dabiltzanen artean, batek baino gehiagok ezustekoa edota disgustua hartu zuen Jon Zulueta alkategai ez dela izango jakin zuenean. Alkate lanetan irudikatzen zuten, gaitasuna aitortzen dioten seinale. Ana Carrereren oinordekoa aukeratzea, ordea, ez da dekretuz hartuko den erabaki borbonikoa izango. Lehiatu beharra dago.

2019ko ekainetik aurrera agintzeko, hautes-mahaietako bozkalekuetatik igaro behar da. EH Bilduk, Andoni Alvarezen alde egitean, profil politikoa ez duen pertsonaren alde egitea erabaki du. Giza faktorea, gertutasunak ematen duen aldagai hori, gakoetakoa da Udal hauteskundeetan. Kolektiboaz arduratzeko, eragile lanak egitera ohituta dagoen pertsona gaztea alkatetzarako proposatu dute. Bota duten enbidoak 31koa ezkutatzen duela dirudi.

Etiketak: , , , , ,

Utzi iruzkina