Biktimari gorazarre egitea antolatzailearen protagonismoaren gainetik dago

Atzoko Udal batzarraldia luzea izan zen, oso. Eztabaidagai ugari, tartean bolo-bolo dabilen harrera ekitaldien ingurukoa. Tentsioa nahi gabe igo egiten da batzarraldi aretoan, TV kateetako kamarak eta kazetariak bertan direnean.

Preso ohien harrera ekitaldien inguruan, goizean Gasteizko Legebiltzarrean adostasun zabala lortu zuten PSE-EEk, EAJ-PNVk eta Podemosek eta adostasun zabal hori Andoaingo Udal batzarraldira iritsi zen. PSE-EEk urgentziazko prozeduraz astelehenean aurkeztu zuen mozioa bertan behera utzi eta bigarrena erregistratu zuen. Bigarren hori onartzeko gehiengo osoa ziurtatuta zuen EAJ-PNV, Ganemos, Irabazi eta zinegotzi ez atxekituaren babesarekin. EH Bildu aurka agertu zen, beste manifestu bat irakurriz.

Plenoaren bigarren ordua bete zenean, harrera ekitaldiei buruzko eztabaida eta bozketa egin zuten. Zur eta lur utzi ninduen anekdota gertatu zen, orduan.

Hasteko, kokatu beharra dago gaia.

ETAk Andoainen Joseba Pagauzaurtundua 2003ko otsailaren 8an erail zuen. Geroztik, urtero, omenaldi ekitaldia egiten da. Azken urteetan, ordea, bi omenaldi ekitaldi egiten dira. Aurten, esaterako:

  • Andoaingo PSE-EEk otsailaren 8an, ostegunarekin, omenaldi-ekitaldia antolatu zuen. Eguerdiko 12:00tan izan zen, astean zehar beraz.
  • Joseba Pagazaurtunduaren familiak otsailaren 11n, igandearekin, bigarren omenaldi-ekitaldia antolatu zuen. Hura ere eguerdiko 12:00tan izan zen, baina igandearekin.

Ezin da detailea oharkabean pasatzen utzi, jarraian plenotik transkribatu dudana hobeto ulertze aldera:

Plenoa, 2:06:00:

PSEko Maider Lainez: Harrera ekitaldien inguruan adostutako mozioa irakurri eta gero, PSE-EEko bozeramailea balorazioa egiten hasi da. “(Joseba Pagazaurtundua)… Al que homenajeamos la semana pasada en el quince aniversario de su asesinato y en la cual no vimos a ninguno de los que están ustedes aquí sentados…”.

Plenoa, 2:08:00

Ganemoseko Olga Hernandez: “Por alusiones, la portavoz socialista ha dicho que no vio a nadie de los que aquí estamos sentados. El otro día yo estuve en el homenaje a Joseba, y no es la primera vez. Y muchas veces me pregunto que más podría haber hecho para acudir a todas las concentraciones y manifestaciones que convocaba Gesto por la paz, y que mi trabajo me lo impedía…”.

Plenoa, 2:12:00

PSE-EEko Maider Lainez: “Refiriéndonos a la portavoz de Ganemos, decirle que nosotros nos referíamos al acto que organizó la agrupación socialista, que es la que nosotros representamos. Y que esa fue el 8 de febrero. Ese día, usted no vino”.

Ganemoseko Olga Hernandez: (Ez da audioa entzuten, baina Olgak erantzuten dio Josebaren familiak antolatutako omenaldian izan zela, otsailaren 11koan hain zuen).

PSE-EEko Maider Lainez: “Ah, pués entonces no vino. Entonces no le pido disculpas, porque no vino”.

Andoainen alderdi politikoen arteko bake eta bizikidetza mahaia lanean dago. Sekretua zen hasiera batean, diskretoa ondoren. Ez dakit zer ikasi edo lantzen duten bertan, baina agerikoa da biktimari gorazarre egitea antolatzailearen protagonismoaren gainetik dagoela. Maider Lainezek Joseba Pagazaurtundua alderdikideari gorazarre egiten dio urtero, eta logikoa da. Baina Olga Hernandezek ere gorazarre egin dio aurten. Ez zen PSE-EEren ekitaldian izan, baina bai ordea Joseba Pagazaurtunduaren familiak antolatu zuenean.

“Ah, pués entonces no vino. Entonces no le pido disculpas, porque no vino”. Esaldi horrek hotz utzi ninduen. Ez dakit plenoa luzea zelako, aste intentsoa izan delako, baina “entonces no le pido disculpas, porque no vino” esaldi horrek sentiberatasun falta ikaragarria erakusten du.

Nik uste dut baietz, Lainezek barkamena eskatu beharko liokeela Hernandezi. Kontua ez da zein noren ekitaldira doan, asuntua da biek ere pertsona bera omendu dutela. Kasu honetan Joseba Pagazaurtundua. Gauzak horrela, aurten, omenaldi ekitaldietan gutxienez bi alderdi ezberdinetako ordezkariak izan dira.

Aipagai dudan eztabaidaren bideoa, jarraian:

Utzi iruzkina