Igandeko emaitzak Andoainen utzitako seinaleak

Jakina den bezala, sei hilabeteko epean bi hauteskunde orokor deitu dituzte. Andoaingo udalerriko datuei erreparatuta, hauteskunde batetik bestera aipagarriak diren aldaketa batzuk egon dira.

Jende gutxiago joan da bozkatzera. 766 herritar gutxiago. Ez da oharkabean pasatzen utzi behar den datua.

  • EH Bildu: Andoaingo hauteskunde gauean garaile argia izan da, botoetan eta portzentaian irabazi duen alderdi nagusi bakarra baita. Abstentzioaren gorakadak ez dio kalterik eragin, are gehiago, hauteskundeen errepikapenak mesede egin diola esan daiteke. Hauteskunde Orokorretan, gainera, ez da ohikoan garaile izaten. Aurreko hiru hauteskundeetan Podemos eta PSE-EE nagusitu ziren. Oraingoan lehen indarra izan da. EH Bilduk duen oinarri sendoaren seinale argia da.
  • PSE-EE: Gobernagarritasuna ezinezkoa zitzaiolako, hauteskundeak deitu zituen berriro. Ia berrehun boto galdu ditu, eta boto protzentaian dezima batzuk. Hauteskundeak errepikatzeko interes handiena zutela ikusita, sozialistentzat ez da pozik egoteko moduko emaitza. Hauteskundeak errepikatzeko ideiak ez duela andoaindarren oniritzia jaso ondoriozta daiteke, ez baitu alderdi sozialista saritu.
  • EAJ-PNV: Abstentzioa igo den heinean jaitsi egin da jeltzaleen babesa. Boto portzentaiari, aldiz, eutsi egiten diote. Bigarren aldagai horri eutsi diezaiokete analisi positiboa egiteko garaian. Baina botoen galera hor dago. Zein da jeltzaleek antzeman dezaketen seinalea? Hauteskundez hauteskunde %20ko botoen portzentaia horretatik goruntz egitea kosta egiten zaiola. Sapaia non duen oso identifikatuta dagoen kasua da.
  • Podemos: Botoen galera izaten jarraitzen du. Euskal hauteslegoak Rajoyren PP alderdia geldiarazteko aukeratzat hartu zuen, 2015 eta 2016 urteetako Hauteskunde Orokorretan. Hortik aurrera babesa galduz joan da.
  • Gainerako alderdien emaitza askoz apalagoa da. PPk igoera eskasa izan du, eta Ciudadanosek botoen ia bi heren galdu ditu. PP, Ciudadanos eta Voxen batura eginez gero, apiriletik hona ehundik gora boto galdu dira.
  • Vox: Apirilean jasotako babesa areagotu du, zertxobait. 110 lagun dira Andoainen VOXi botoa eman diotenak. Portzentaian, errolda handiagoa duten Hernani edo Tolosan baino babes zabalagoa jaso dute Andoainen.

Utzi iruzkina