Udal hauteskundeak Andoainen: Podemos Ahal Dugu

Asteazkenean hiru urte bete ziren Andoaingo Podemos Ahal Dugu alderdia jendaurrean aurkeztu zenetik. 2016ko urtarrilaren 30ean Urigain kultur etxeko eserleku ia guztiak bete ziren, eta hizlarien artean Gipuzkoako ordezkaritza nagusia hurbildu zen. Besteak beste, Juantxo Iturria Batzar Nagusietako ordezkaria eta Nagua Alba Espainiako Kongresuko diputatua. Une gozoa bizi zuen alderdiak, gizartearen babes handia jasoz. 2015eko abenduko Hauteskunde Orokorretan, alderdi moreak Andoainen ezustea eman zuen. 2339 boto eskuratu zituen, gainerako alderdi nagusi bakoitzari ehunka botoko aldea ateraz (EH Bilduk 1542, PSE-EEk 1472, EAJ-PNVk 1345). Hauteskunde horiek eta hilabetera iritsi zen Andoaingo herritarren aurreko aurkezpen ekitaldia. Herriko Podemosen izenean hizlari aritu zena ezezaguna zen askorentzat. Urduri zegoen, horrelako protagonismoa hartzera ohiturarik ez zuela erakutsiz. Behin behineko bozeramaile hura Maria Teresa Santana zen.

Ordutik hona, azken hiru urteotan, Podemos alderdiaren baitan aldaketa handiak eman dira, kasu askotan traumatikoak. Andoainen, ordea, Santanak eutsi egin dio. Eutsi, bada, zeri? Andoaingo Ahal Dugu Podemos alderdia iraunarazteari, bereziki. Ez da gutxi. Lantalde egonkor samarra duela antzeman daiteke, Olga Hernandez Ganemoseko zinegotziaren alboan. Udalgintzan jarduteko eta alderdia herrian gorpuzteko batak besteari elkar lagundu diola esan daiteke. 2019ko Udal hauteskundeak begibistan, lantaldea gogotsu dagoela dirudi. Izquierda Unidarekin sintonian daude, eta elkarrekin aurkeztea erabakita daukate. 2015eko udaberrian IUk mesfidantza handia erakutsi zuen Ganemosekiko, baina agintaldi osoan zehar mesfidantza zena konfiantza bilakatu da. Ia erabaki guztietan ildo berean lerratu dira.

Duela lau urte, xelebrekeritzat har daitekeen Irabazi Andoain eta Ganemos Andoain alderdien izen bikiekin, 1000 boto batu zituzten. Podemosen urrezko aroan, hautes-zerrenda bakoitzak zinegotzi bana eskuratu zuen. Bakoitzak bere bidea eginez hasi zuen agintaldia, eta koalizio modura amaitu. Unidos Podemosen inguruan hamaika ikustera ohitu gara, eta oraindik ere erabilera instrumentala duen koalizio horrekin edozer gauza gerta daiteke. Andoainen, halere, elkarrekin aurkeztuko direla erabakita daukate. Ibilbide orria zehaztuta dute.

2019ko maiatzera begira, Andoaingo Podemos Ahal Duguren inguruan galdera asko daude airean: Jaso dezakeen boto kopurua, nagusiena. Zaila da aurreikustea, gizarteak dagoeneko ez duelako lehen bezain erakargarri ikusten. Zaharkitu egin dela dirudi, beste alderdi batzuetako keriak errepikatuz.

2015eko abenduko eta 2016ko ekaineko Hauteskunde Orokorretan, Andoaingo herrikide askok eman zion Podemosi botoa. Boto hori, neurri handi batean, PP zigortzeko botoa izan zen. Udal hauteskundeetan ariketa oso ezberdina da: Botu-emaileek ez dute PPren aurka botoa emango, Podemosen alde baizik. Hortxe du Santanak erronka handiena.

Bi zinegotzi eskuratzea helburu izango dutela pentsa daiteke. Baina, kontrara, botoen gainbehera gertatuko balitz, nora joan daitezke duela lau urtetik hona galdutako botoak? PSE-EE, EH Bildu eta EAJ-PNVra; abstentziora…

PSE-EErentzat Podemos lehiakide zuzena da, ez du haientzat arrakasta desio. EAJ-PNVri ez dio gehiegi axola Podemos, moreek ordezkaritza txikia izan bitartean. EH Bildurentzat interesekoa da Podemosen baitan gerta daitekeena. Alkatetzari eusteko bidelaguneetakoa izan daitekeelako.

Interes handikoa da Andoain, politika gogoko duenarentzat.

Etiketak: , , , , ,

Utzi iruzkina