Tokikoa, udal hauteskundeen osteko tartean

“Andoaingo EAJ-PNVko eta PSE-EEko udal hautagaiek euren artean ez dute sintoniarik. Ez maila pertsonalean, eta bereziki, ezta programa mailan ere -bilera bakarra egin zuten-”. Horrelako esaldirik irakurtzea imaginatzen al duzue tokiko hedabideren batean? Nik Aiurrin ez dut horrelakorik imaginatzen. Komatxo artean dagoen esaldia Diario Vasco egunkarian argitaratu zen, “Politica” atalean. Gipuzkoa osoko edizioan, beraz.

Sintonia eskasa maila pertsonalean. Imaginatzen al duzue maiatzaren 25etik ekainaren 13ra bitarte doan denbora tarte horretan alderdien artean sintoniarik ez dagoela argitaratzen hasiko bagina Aiurrin? Imaginatzen ere “sintonia txarra” bi hitz horiekin batera EH Bildu, PSE-EE edo EAJ-PNV alderdiak eta hautagaiak izen abizenekin aipatzen hasiko bagina? Nago haserrea adieraziko zidatela, telefonoa sutan izango nuela. Seguru nago baietz. Oztopatu besterik ez genuela egiten, hori ez dela egiten, ez dagoela eskubiderik… umm, uste dut horrelako argudioak entzun beharko genituzkeela hiru alderdietatik.

Aiurrik nola jokatu du maiatzaren 25etik hona? Alderdi bakoitzaren jokabidea errespetatu da.

EH Bilduk hauteskundeen biharamunean, maiatzaren 25ean, lortutako garaipena eskertzeko oharra argitaratu zuen. Maiatzaren 26an agerraldia egin zuen, zeinean ekainaren 13ko kargu hartze ekitaldiari dagokion erabakia Andoainen hartzea eskatzearekin batera ordezkaritza lortu zuten gainerako ordezkari politikoekin bilera erronda iragarri zuen. Galderak onartzen zituzten prentsaurrekoa deitu zuten, eta neronek hainbat galdera egiteko aukera baliatu nuen.

PSE-EE alderdiak hauteskundearen egunean bertan baloratu zituen emaitzak, eta hortik aurrera adierazpenik ez zuten egin.

EAJ-PNV alderdiak ere hauteskundearen egunean bertan baloratu zituen emaitzak, eta biharamunean alkategaiari bizpahiru galdera egiteko aukera izan nuen. Hortik aurrera diskrezioz jokatzea erabaki zuten, negoziaketak ireki behar zituztelako.

Publikatu daitekeenaz, eta ezin daitekeenaz. Sintonia txarra tokikoan aipatzea desokeratzailea izan daiteke. Hori barneratuta daukagu. Eta, aldiz, denok ere show mediatikoan Donostiatik iristen diren albisteak onargarriagoak izan daitezkeela normaltzat ematen dugu. Irakur eta azter ditzakegula, beste filtro batekin. Tokikoarekin baino zabalago jokatzen dugula, alegia. Eta eraiki den errealitate horretan den denak zaku berean sartzen ditut: Politikoak, irakurleak eta baita kazetariak ere.

Kanpaina ostean, erredakzioan jakin bagenekien alderdiak negoziatzen ari zirela. Logikoa, bestalde.

Ostegunean (ekainak 11) argitaratu genuen Aiurri astekarian zera adierazi genuen, azalean: “Dirudienez, azken ordura arte ez da jakingo nor izendatuko duten alkate Andoainen. Carrere izan zen bozkatuena, baina alderdien arteko akordioek oposizioan utz dezakete”.

Ostiral eguerdian (ekainak 12) etorri zen EAE mailako akordioaren albistea, EAJ-PNV eta PSE-EEren artekoa. Oharra oso argia zen. Eta orduan zalantza egiten hasi ginen. Zer egin? Izan ere, aste hasieratik jakin bagenekien jeltzaleek Andoainen bilera deituta zutela ostiral iluntzerako. Lagun eta ezagun ditugun kazetariak Aiurrira deika: “Andoainen EAJ-PSE hitzarmena egintzat eman”. Ta guk nola jokatu ezin asmatu. Ekainaren 12an webgunean honakoa ipini genuen, unean uneko albisteen eraginpean: “Hedabideetan zabaldu denez, alkatetza eskuratzeko PSE-EE eta EAJ-PNVren arteko akordioa dago Andoainen”.

Ekainak 13. Goizeko 10:15ak aldera hamabigarren botoaren zenbaketan argitu zen misterioa, bigarren boto zuria agertu zenean. Gutxira, erredakziora joan eta lehen bideoa igo genuen. Handik denbora batera plazan tokiko kazetari bat ikusi nuen, Urnietako plenoa jarraitzera nindoala. Ibilgailua geratu eta zoriondu egin zuen. Akorduan  nuen goiz horretan 07:30etan irakurri nuen albistea. Ekainaren 13an, alkatearen hautaketa egunean, titular eta diseinu informatibo onena tokiko albiste batean topatu nuen. Non eta, Diario Vascon. Bai, post honen hasieran –eta ez, onerako- hizpide izan dudan hedabide berean. Buruntzaldea sailean, zehazki. Marivi Olanok azkenerarte ondo baino hobeto eutsi zion albisteak bere baitan zuen tensioari. Hor doa:

150615blog1

Lastima ez zela gurea izan! Lezio ederra, Marivi.

Niretzat tokikoa, kasu askotan, besteen pare edo hobeto lantzen den kazetaritza da.

1 responses to “Tokikoa, udal hauteskundeen osteko tartean”

  1. xeskisabel says :

    Segmentazioa eta hiperlokalitatea. Horiek dira tokiko hedabideen indarrak.

Utzi iruzkina