Udal hauteskundeak Andoainen: EAJ-PNV

Andoain herri abertzalea da. Udal hauteskundeen emaitzei erreparatuta, horixe ondoriozta daiteke. Eta abertzalea ez bada, norbaiti botoa ematea eta lotura ideologikoa uztartzea gustatzen ez bazaio, alderdi abertzaleek gehiengoaren konfiantza pizten dutela esan daiteke. 1999an, EH eta EAJ-PNVren artean, 17 zinegotzietatik 10 eskuratu zituzten. Ilegalizazioaren urteak iritsi ziren, ondoren. 2015ean, 17 zinegotzietatik 10. Goruntz edo beheruntz mugi daiteke zertxobait ordezkaritza, baina joera bat egonkortu egin da: bi alderdien ordezkaritzaren baturarekin gehiengo osoaren langa erraz gainditzen da.

Baten batek pentsatu dezake datuok alderdi abertzaleen arteko elkarlana sustatzeko erabiltzen ari naizela. Ez doa aste honetako zutabea norabide horretan. Legitimazio kontuaz ari naiz. Andoainen jeltzaleek ezker abertzalearen pareko sentitzeko arrazoiak badituzte. Ez daude hain urrun, eta maiatzean EH Bildurekin eta PSE-EErekin nor baino nor lehiatzeko prest daude. Botoetan ezker abertzalea eta sozialistak aurretik dituzte, baina distantzia txikitzen ari dela adierazi zuen 2015eko emaitza orokorrak. Orduko hartan, gainera, Andoaingo EAJ-PNVk 11 botora izan zuen bosgarren zinegotzia eskuratzeko aukera. EH Bilduk eskuratu zuen D’Hondt zenbaketa sistemaren arabera jokoan zegoen azken eta hamazazpigarren zinegotzia.

Zenbateraino izango litzateke ezberdina agintaldia, EAJ-PNVk bosgarren zinegotzia eskuratu izan balu? Erantzunik ez duen galdera airean. Eta zalantzak, batzuk badaude, EAJ-PNVren baitan. Gregorio Olasagastiren pertsonarengan irudikatu zen krisi hark zer nolako eragina izango du aurtengo hauteskundeetan? Eta, gizarte mailan, pentsiodunen asteroko hitzorduek jeltzaleen aurkako botoa eragin al dezakete?

Bestalde, goi mailako politikak mesede egiten dio Andoaingo EAJ-PNVri. Bereziki, Jaurlaritzakoak. Iritzi publiko zabalean erakundeak oreka eta segurtasuna eskaintzen dituelako.

PSE-EErentzat jeltzaleekiko harremana zaila da. Erakunde askotan lankide dira, baina Andoainen ez. Eta hori gutxi balitz, botoetan herrian sozialistak beherunzko joera erakusten ari diren bitartean (2062 boto 2011n; 1887 2015ean), jeltzaleak goruntz doaz (1363 boto 2011n; 1750 2015ean). Hauteskunde kanpainaren atarian, lehiakide zuzenak dira. Gero gerokoak.

EH Bildurentzat zaindu beharreko gurpila da EAJ-PNVrena. Sprint luzea dago maiatzaren 26ra arte. Agintzeak higadura eragiten badio, garaipenerako lehian, ezin baita inor baztertu.

Etiketak: , , , , , ,

Utzi iruzkina