Goizean goizetik lezio ederra jasota nabil

Lezio ederra eman dit. Andoainera bizitzera etorri nintzenetik ezaguna zaidan arren, ez nuen hamalau urteotan mutil horrekin hitzik trukatu. Janzkera eta orrazkera deigarriekin ia beti, ibilera baldar eta geldoa du. Hartzen duen medikazioaren eragina. Buruko gaixotasuna du, eta tarteka bere egoera beretsuan dauden beste pertsona gehiagorekin batera etxe azpiko tabernara freskagarriren bat hartzera ekartzen dituzte.

Gaur goizean ireki bezain pronto Eroskira sartu naiz, eta ordainketa egiten ari nintzela lezio ederra eman didan pertsona hori adi-adi begira jarri zait. Jabetu naiz, noski. Baina ez ikusiarena egin dut. Ni nerera, deserosotasuna nirekin joango ez balitz bezala. Eta halako batean galdera bota dit. Soinean neraman T-Shirtaren irudia ezdakitzein super heroiarena ote zen jakin nahi zuen. AC/DC musika taldearena dela erantzun diot –Anaiak ekarri zidan atzerrira egindako bidaia batean. Tximista nabarmentzen da, kamisetaren zabalera osora hartzeraino. Eta AC/DC letrak txiki txiki agertzen dira–.

Kamiseta baten bila dabilela esanez jarraitu du hizketan, ez duela inon topatzen. “Interneten aurkituko duzu” bota diot. Berehala erantzun dit: “Seguru, baina nik ez dut pay pal eta horrelakorik”. Neu bai baldarra. Erantzun txatxua nirea!

Atsegin eta zuzen aritu zait. Neu, aldiz, deseroso. Beragatik ez balitz, beste hamalau urte gehiago emango nituzke ez ikusiarena egiten. Elkar agurtu dugu. Eta Eroskitik irten naizen une beretik mutil horrek lezio ederra eman didala pentsatzen aritu naiz.

PD

Post honi BSOa jarri nahi badiozue, har itzazue kantuaren lehen 15 segunduak. Eta imagina itzazue Eroskiko ate mekanikoak zabal zabal, ‘bye bye gizontxo’ poltsa eskuan hartuta badoala, atzean mutil bat adi-adi begira ari zaion bitartean.

Utzi iruzkina