Abertzaletasuna, bipartidismoa eta ezkerra 2019ko udaberrian

Duela lau urteko post bat berreskuratu eta datu gehiagorekin osatu dut, joera berriak azpimarratuz. Abertzalea, oso abertzalea bazara, eta zehazki adinean gora doan abertzale porrokatu horietakoa bazara, datu bilketa hau irakurtzea ez zaizu komeni. Edo bai.

ABERTZALETASUNA

Abertzaletasunak marka berria hautsi du

EH Bildu eta EAJ-PNV alderdien botoen batura, azken hiru agintaldietan:

  • 2019: 4.503 boto.
  • 2015: 3.862 boto.
  • 2011: 3.863 boto* (Aralar eta Hamaibakat alderdien 440 boto gehitu behar dira).

Abertzaletasunaren ikuspegitik, jauzi handia eman da. 1995-1999 agintaldiko marka hobetu da, orduko hartan HB, EAJ-PNV eta EA alderdiek denera 4.474 boto lortu baitzituzten. Eta, hara!, orduko hartan ere PSE-EEko hautagai Josean Perez Gabarain alkate izendatu zuten.

Bi alderdi abertzale nagusien garapena, datuak aletzen hasita:

EH Bildu

EH Bildu 2.000 botoko langari eutsi dion bakarra da. Eta oraingoan, gainera, 3.000 botora gerturatu da.

  • 2011: 2.500 boto.
  • 2015: 2.112 boto -388 boto.
  • 2019: 2.823 boto +711 boto.

EAJ-PNV

EAJ-PNV egonkortu egin da, oraingoan babesa galdu duen arren. Ezustekoa izan da, aurreko hilabeteetan “irabaztera goaz” ziurtasun osoz errepikatzen zutelako.

  • 2011: 1.363 boto.
  • 2015: 1.750 boto +387 boto.
  • 2019: 1.680 boto -70 boto.

 

BIPARTIDISMOA

Espainian, PP eta PSOE aspaldian sartu ziren krisian. Pedro Sanchezek sozialismoa lehen postura eramatea lortu duen arren, Andoainen Espainiako bi alderdi nagusiekiko babesa gutxiengo historikoetara murriztuz doa:

PSE + PP botoen batura

  • 1999: 3.034 boto.
  • 2015: 2.176 boto.
  • 2019: 2.145 boto.

PSE-EEren garapena

Galera etengabea zen, 2019an botoen galera zertxobait bideratzea lortu duten arren:

  • 2003: 2.570 boto.
  • 2007: 2.362 boto.
  • 2011: 2.059 boto.
  • 2015: 1.887 boto.
  • 2019: 1.941 boto.

PPren garapena

1999tik honuntz galera handia da, Udal ordezkaritzarik gabe geratu arte. Beheranzko joera nabarmena geldiezina da:

  • 1999: 810 boto.
  • 2011: 561 boto.
  • 2015: 289 boto.
  • 2019: 204 boto.

 

EZKERRA

Izquierda Unida-Ezker Batua ezkerreko mugimendu eta alderdien koalizioa botu-emaileen %5aren inguruan ibili da beti. Ezker abertzalea legez kanporatzean, IU-Aralar elkarrekin aurkeztu zirenean koska bat egin zuten gora. Botuemaileen %9ra iritsi arte.

  • 2015 IUren oinordekotzat har zitekeen Irabazi. Emaitza ona lortu zuen. Ezkerreko emaitzatan, ordea, ezinbestekoa izan zen Podemosen sorrera, alderdi berri hori gabe ezin baita Andoaingo garapena interpretatu. Irabazi eta Ganemos, bien baturak 997 boto eman zituen 2015ean. Eta bi zinegotzi. Ezkertiar eta abertzalea ez den ikuspegitik, aspaldiko datu onena izan zen.
  • 2019 Elkarrekin Podemos koalizioa Irabazi eta Ganemosen batura izan zen. Aurtengoan, ordea, batera joateak ez die mesederik egin eta 606 botorekin ordezkaritza bakarra lortu dute.

 

PD:
Kargu hartze ekitaldian, nazio edo probintzia mailako kazetariek iraganeko mamuak berreskuratzeari ekin diote. Arma ditzatela argudio berriak. Bakean eta bizikidetzan bidea egiteke dago, baina azken bi urteotan lan handia egin da. Eta azken egun hauetan, bereziki, EH Bilduko ordezkarien jokabidea oso kontutan hartu behar da. PSE-EE berehala jabetu da horretaz, eta Maider Lainez alkate berriak Udal korporazio berriaren osaketan hartutako erantzukizuna publikoki eskertu die.

Etiketak: , , ,

Utzi iruzkina