Albiste izatera iristen ez diren gertaerak

Lerroburu handien itzalpean beste batzuk ezkutatzen dira. Isiltasunarekin txiki bilakatzen ditugu, ahazten ditugun arte. Joan zen asteazkenean, sexu erasoen aurka, Goikoplaza jendez gainezka zegoen. Gau hartan, andoaindar askori begietan dir-dir egiten zion Instagramen edo Facebooken ikusitako irudiak. La Salle etorbidetik ateratako argazkian, esaterako, nekez ikus zitekeen “Emakumeen aurkako erasorik ez” pankarta. Haren aurrean, atzean eta ertzetan ehunka lagun bildu zen. Gizartea gehien asaldatzen duen arazoetakoa da, sexu erasoena.

Egun hartan, ordea, pertsona bat hil zen Andoainen. Olagain auzoan 85 urteko emakume batek bere buruaz beste egin zuen. Ez zen albiste izatera iritsi, kasu horietan halako muga sortzen baita kaleko hizkeratik tokiko albistera. Eguneko albiste nagusiak mesede egin zigun kazetarioi, eta Olagaingo gertaerari iskin egin genion: Bere buruaz beste egin duenarekin, gaude isilik.

85 urteko emakume hura abuztuaren 8an alargundu zen. Bada hor gertaera ulertzen ahalegintzen digun pista. Hari horri tiraka komunitatea osatzen duten herrikideen mesederako izan daitekeen kazetaritza pieza osa daiteke. Baina ez diogu gaiari heltzen.

Zaharrak berri. 2015eko maiatzaren 24an Udal hauteskundeen gaua intentsitate handiz bizi izan genuen Aiurrin. Gauerdia pasata, lanak amaituta, etxeko TVn albistegi berezia ipinita zegoen. Nire begirada, ordea, gortinatik harago iltzatuta zegoen. Arratsalde hartan etxeko leihotik ikusten dudan Belabi kalean emakumezko batek bere buruaz beste egin zuen. Gertaera hura ere isiltasunaren kutxara bidali genuen.

Etiketak: , , ,

Utzi iruzkina